XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kapitulu honen hasieran esan zenez, zementita osagai metaegonkorra da eta baldintza zehatz batzuen pean, ferrita eta grafitoa emanez deskonposatzen da.

Joera hau burdinurtuaren konposizio kimikoaren eta hozketa-abiaduraren menpekoa da.

Konposizio kimikoaren ikuspuntutik, aleazioari elementu grafitotzaileak gehitzen baldin bazaizkio (Si, P, Al eta Cu adibidez), zementitaren deskonposaketa erraztu egiten da.

Bestalde, hozketa-abiadura mantsoagoa baldin bada (hau tamaina handiko piezetan gertatzen da batez ere), grafitoa sortzea errazagoa da.

Burdinurtu grisetan Si elementuaren kopuruak % 1 eta % 3ren bitartekoak izaten dira (ikus 2.21 . irudia [2.11]), eta horrek puntu eutektiko eta eutektoidean aldaketak sortzen ditu.

Puntu eutektikoaren kasuan, adibidez, karbono-edukina txikiagotuz doa Si handiagotuta, ondorengo ekuazioaren arabera:

% C eutektikoa = 4,3 - 0,33 (% Si) (2.34)

Bestalde, burdinurtu grisen propietate asko karbono baliokidearen kontzeptua erabiliz adierazten da.

Karbono baliokideak C- eta Si-edukinak kontutan hartzen ditu ondorengo ekuazioaren bidez:

CB = % C + 1/3 (% Si) (2.35)

Ekuazio honen arabera, burdinurtu gris batean dagoen karbono baliokidearen edukina % 4,3 baino txikiagoa denean, aleazio hipoeutektikoa dela kontsideratu behar da.

Solidotzean, grafitoa itxura eta tamaina desberdinetan ager daiteke.

ASTM erakundeak ondoko bost mota desberdinak bereizten ditu grafito orritsuan (2.22. irudia) [2.12]: burdinurtu gris eutektiko eta hiperreutektikoetan agertzen diren orri luzeak (A eta C motak), arrosatxo modukoak (B) hozketa-abiadura mantsoagoa denean, eta amaitzeko, interdendritikoak (D eta E motak), burdinurtu grisak hipoeutektikoak direnean ala solidotzean azpihozte handia denean.

Burdinurtu grisa astiro solidotzean, azaltzen diren lehenbiziko osagai solidoak austenitazko dendritoak dira, tenperatura eutektikoraino iritsi arte berauen tamaina gero eta handiagoa izanik.

Tenperatura eutektikoa zeharkatu ondoren, solidotze-prozesua amaitu da eta burdinurtuaren mikroegitura austenitazko dendritoez eta austenita eta grafitoz osatutako eutektiko batez eratua izango da.